Alebinak eta infantilak Aizarnazabalen, Kadeteak Villavan, eta Jubenilak Elgoibarren
Martxoak 25 larunbatean, Aizarnazabalen jokatu zen errepideko denboraldiko laugarren lasterketa. Herrigunean kokatutako 600 metro luzeko zirkuitua izan zuten. Zirkuituak 90 graduko lau bihurgune, igoera bat, jeitsiera bat eta bi zuzengune zeuden. Jeitsieraren amaieran eta 90 graduko bihurgunea baino lehen, sakangune bat zegoen eta bihurgunearen irteeran zebrabide irristakor bat, poste bat eta trafiko seinale bat zeuden, guzti hori euritan, sei graduko tenperaturarekin eta kontrako haize bortitzarekin. Alebinak sei bira eman behar zizkioten zirkuituari eta infantilak hemezortzi “soilik”. Baldintza guzti horiekin, zentzuzkoena ez lehiatzea izango litzateke, dena den, gure txirrindulariek klubeko arduradunek kontuz ibiltzeko emandako aginduak betez, ahal zuten hoberena egin zuten. Esan gainera, txirrindulari infantilen familia gehienak ordu t’erditik gorako desplazamendua egin zutela, probak zituen hemezortzi biratik bi edo hiru egin ondoren beren seme-alabak nola kanporatzen zituzten ikusteko.
Alebinen proban, Asier Iguiñizek lasterketa argia planteatu zuen, tropel buruan kokatua laugarren bira arte, eta orduan erasoa egin. Harrapatua izan zen baina merezitako bigarren postua lortu zuen. Nesketan, aurreko lasterketetako gidoia errepikatu zen eta gure ordezkariak, Malena Rodríguez eta Junkal Santiagok podiumera igo ziren bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.
Infantilen proba, azkarra planteatu zen, Beñat Carballedaren (Buruntzazpi) eraso batekin irteeratik. Jeitsieran arriskatu ondoren garaipena lortzeko adinako tartea ireki zuen. Klubekoen aldetik, Haimar Etxeberria bigarren edo hirugarren postuagatik lehian aritu zen ia lasterketa guztian baina azkenean, bostgarren sailkatu zen. Haritz Seinek aldiz, lasterketa kontserbadoreagoa planteatu zuen eta igoeretan distantzia jatearekin, hirugarren postuagatik borrokatu zuen eta azkenean, laugarren sailkatu zen. Nesketan, Maialen Arrutik bigarren izatea lortu zuen hain zirkuitu gogorrean.
Kadeteak
Kadeteek Beola Motor Saria jokatu zuten Atarrabian, martxoak 26 igandean jokatu zen goizeko 9:45tan 45 km-ko distantzian eta hiru portuetatik lehenengoak ematen zituelarik puntuak. Jon Morillo eta Ian Gasull gure ordezkariak, lasterketa ona egin zuten eta lasterketa amaitzea lortu zuten.
Jubenilak
Jubenilak martxoak 26 igandean jokatu zuten. 111 txirrindularik hartu zuten irteera, horietatik lau Dinuy Club Ciclista Bidasoa-koak, 92km betetzeko asmoarekin. Lasterketa gogorra izan zen, Soraluzerako bi igoerarekin, nahiz eta portu puntuagarria izan ez, beti jende asko geratzen da atzeratua. Yeraik zorte txarra izan zuen, 9. kilometroan zulatua izan zuen eta nahiz eta aurrera egiten saiatu zen eta lasterketan jarraitu zuen, kanporatua izan zen. 13. kilometroan tropela bateratua zegoen baina jende asko jada deskalifikatua. Bi erorketa izan ziren eta horietako batek Telmori eragin zion eta hanka lurrean jarri behar izan zuen baina berriro tropelera sartzea lortu zuen. 19. kilometroan, Nikolas atzera geratu zen eta 23.ean 10 laguneko ihesaldia osatu zen, hauek 1’30 eta 3’10 arteko diferetziak izan zituzten. Gure txirrindularietako bi, Ander eta Telmo tropelean mantendu ziren, Kalbarioko igoeran jende asko aurreratuz. Proba Iribarrek irabazi zuen.